SPULÜI

AHUNTZAK ZAINTZEN ALPEETAN

 

Gari Garaialde

Beñat eta Nathaliek Uztaila eta Abuztua Alpe suitzarretako borda batean pasako dute, ia 2.000 metrotara, ahuntz talde bat zaindu eta gazta egiten, Kemen eta Oihu semeak beraiekin dituztela.

Goizeko 5ak jo eta Beñat bordatik atera da, 300 bat metro urrundu eta txistu egin du hiruzpalau aldiz, ozen, eta gero -toz, toz, toz- oihukatu du beste hainbestetan. Isil-isilik geratu eta belarria luzatu du, ea zer edo zer entzuten duen. Erritual bera beste behin egin eta bordara itzuli da; kafetera bete, katilua, azukrea eta koilaratxoa kanpoko mahaira eraman eta kafea egin arte itxaron du. Kafe egin berria hartzen ari den bitartean, joareak entzuten dira, isil eta urrun hasieran, baina kafeari tragoak eman ahala gero eta gertuago sumatzen ditu. Ahuntzen marrakaren bat entzuten du tartean behin, joarien soinuekin nahastuta.

Beñat, goizean goiz, ahuntzak etortzeko txistu egiten. Spulüi (Suitza). 2014ko Uztailaren 3a.  (Gari Garaialde / BostokPhoto)

Goizean, eguzkia ateratzean, Spulüik toki zoragarria ematen badu ere, ez da alpe bat jartzeko tokirik egokiena. Hala iruditu zitzaien, behintzat, 1933an alpe hau azken aldiz utzi zuten ahuntzainei. Izeia baso baten erdian, argiune batean dago kokatuta; arrokak, harriak eta osinak besterik jaiotzen ez diren penditz gogor batean eraikitako terrazatxoan. Ez omen dago belar onik inguruan, eta horregatik, Beñatek ahuntzak askatu ahala mendiaren beste aldera joaten dira, bazkatzera.

Vallemaggiako nekazaritza eta abeltzaintza tradizioak berreskuratzeko ahaleginetan zebilen Giaccomok erosi zuen, orain 8 bat urte, abandonatuta zegoen alpe hau, ahuntzen mendiko zaintza ere berreskuratzeko intentzioz. Beñatek hirugarren urtea du Giaccomoren ahuntzak zaintzen, eta beraz, hirugarrena du ere hemen goian, alpean. Aurten, Spulüin dagoen bitartean, Beñatek 95 ahuntz zainduko ditu. Horiez gain, 8 antxume dauzka, tartean taldeko aker izateko ekarri duen ‘Niko’ ar ttipia. Berez, 120 ahuntz inguru gobernatzen ditu urtean zehar, baina eri zeudenak, zahartutako akerra eta beste gutxi batzuk ukuiluan geratu dira, goiko borda ez baita edozeinentzako tokia.

Nathalie eta Beñatek Euskal Herrian zuten proiektuak kale egin zuenean erabaki zuten Suitzara joatea. Nathalie paraje hauetan jaiotakoa da, eta hori probestuz, Beñatek gutun bat idatzi zuen eskualdeko nekazarien aldizkari batean, ahuntzen zaintza ikasi nahi zuela eta debalde lan egiteko prest zegoela esanez. Aldizkaria argitaratu zen egun berean deitu zion Giaccomok, ea berarekin lan egin nahi zuen galdetzeko; baina ahuntzak zaintzea lana zela eta argi edukitzeko lana ez zela dohainik egiten. Egun gutxitan ziren Brontallon, bizitza berriari ekiteko prest.

 

Familia osoa, alpearen kanpoan gosaltzen. Atzean Zucchero, Poncione della Marcia eta Corona di Redorta mendi gauilirrak. Spulüi (Suitza). 2014ko Uztailaren 3a.  (Gari Garaialde / BostokPhoto)

Alpe deitzen diote Suitzan 1500 metrotik gora dauden abeltzainen bordei eta Spulüi 1.827 metrotara dago, Ticino kantoiko Vallemaggia eskualdean. Spulüi hitzak burkaitz esan nahi du eta aspalditik ahuntzen babeserako erabili izan den harritzar batek ematen omen dio izena bordari. Oraindik ere ikusgai ditu garai batean haitzaren babesean egindako eraikuntzen markak.

2 Hilabete pasako dituzte alpean Beñat, Nathalie, Kemen eta Oihuk; Ekainaren 30ean igo ziren eta Abuztuaren 31 arte izango da Beñat bertan. Nathalie 10 bat egun lehenago jeitsiko da, Kemen eta Oihurekin, Kemen eskolan hastekoa baita abuztu bukaeran. Lehen aldiz pasako du Kemenek uda osoa hemen goian. Aurreko urteetan ere igo izan da egun batzuk pasatzera, baina berez Beñat zen uda osoa mendian pasatzen zuen bakarra. Aurten aldiz, Nathaliek gazta egiten ikasi du, eta bere ardura izango da ahuntzen esnearekin gazta egitearena, beraz, familia osoa mendira igotzeko erabakia hartu dute.

Eguna goizeko 5etan hasten du Beñatek. Gezurra dirudi zein argi den giroa goizeko bostetarako. Ahuntzei deitu eta hauek etortzen diren bitartean gosaldu egiten du, kafea, esnatzen laguntzeko. Ahuntzak itxituran sartu, jaten eman eta ahuntzak banan-banan eskuz jetzi ondoren, antxume bakoitza bere amarekin elkartzen du, hauek elikatu daitezen. Lan horietan dagoen bitartean esnatzen da familia. Kemen, 7 urteko mutikoa, da lehena aitarengana hurbiltzen. Hamaika galdera egin dizkio aitari, ahuntzen inguruan eta mendiari buruz, eta tartean Euskal Herriari edo Baztanen izan zuten bizitzari buruzkoak ere galdetzen dizkio. Beranduxeago azaldu dira Nathalie eta Oihu, urte eta erdi besterik ez duen txikitxoa. Gosaria prestatu eta gosaltzen dauden bitartean, Beñatek bereak bukatu eta mahaira batu da, bigarren aldiz gosaltzeko.

Nathalie gaztategian, gazta egiten hasi aurretik esne marmitak garbitzen. Spulüi (Suitza). 2014ko uztailaren 2an.  (Gari Garaialde / BostokPhoto)

Ahuntzek ematen duten esne kopuruari kasu eginez, gazta 3 egunetik behin egingo dutela erabaki dute. Goizeko jetzialdian 60 litro inguru ematen dute ahuntzek eta arratsaldekoan 30 bat. Egunean bitan jetziko ditu ahuntzak, baina Abuztuaren 20 tik aurrera, egunean behin bakarrik, esne sortzea gutxitzen joan dadin, udazkenera begira.

Gazta egin behar duen egunetan, ia egun osoa ematen du Natahliek zeregin horretan. Berak dio ez dela lan gogorra, baina denbora asko eskatzen duela, esnea berotu, itxaron, nahastu, itxaron… denbora ezin duzu zuk markatu, prozesuak berak agintzen du, eta luze jotzen du.

Nathaliek argi du egunak pasa ahala, mendiko erritmoari trukoa hartuko diotela, baina lehen egunetan gauzak ez dira errazak. Eguneroko jardunei alpea hornitzearena gehitu behar zaio, neguko elurrak txikitu ez dezan ia estruktura guzia desmuntatzen da eta. Lan asko dute egiteko: etxearen inguruko itxitura egin, hozkailua martxan jarri, gazta egiteko makinak garbitu… Beñatek ere badaki egunak aurrera joan ahala, ahuntzak kasu gehiago egingo diotela, gobernatzen lan gutxiago emango diotela; edo hala espero du behintzat. Orain, egia da, lan asko ematen diotela. Ez dute itxitura ezagutzen eta ez dute sartu nahi; behin eta berriz deitu arren, erdiak ez dira pentzeetatik itzultzen eta bila joan behar izaten du mendira. Keak, 2 urte betetzekoa den Akoiztatik hartutako txakurrak, ez dio gehiegi laguntzen gainera; hark ere nabaritu du herritik mendirako muara eta alper antzean dabil, sutondoan jarrita.

Eguzkia ari duenean ederra da ingurua: bordatik atera eta parez pare Zucchero mendia edo Broglioren gailurra ikusten dira, aurten sekula baino elur gehiagorekin, negu gogorra izan baita. Aspaldiko urteetan baino elur gehiago bota du, beranduago arte gainera, eta mendi tontorretan elur asko dago. Spulüiren atzeko aldean dagoen Fiorasca elurrez lepo dagoela esan diote Beñati mendizale batzuk; “han elurra badago, ahuntzak ez dira bertaraino joango” pentsatu du ozen.

Eguraldi onarekin, eguzkiak gogor jotzen duenez, itzal pixka bat egiteko maindire batzuk jarri dituzte sokaz helduta. Udaberrian tindatu eta bertarako prestatu zituzten maindireak. Hegoaldera begiratzen du bordak eta eguzkiak ez du bakerik ematen. Halako eguraldiarekin gainera, bizitza kanpoan egiten dute erabat, hotza edo eguraldi kaskarra egiten duenean, etxean denbora gehiegi pasatzen baitute. Sua piztu behar izaten da egun osoz, eta egun horiek gogorrak izaten dira Kemenentzat. Euririk ari ez duenean, kanpoan ibiltzen da, mila gauza izaten ditu egiteko: aitari lagundu, lore bila joan, ama lanean ikusi, bateria jo (balde, marmita eta zartaginez eraiki diote bateria bat etxearen kanpoaldean, zarata atera dezan). ‘Aita nahi duzu ikusi spektakolo bat?’ galdetzen dio uneoro aitari, euskaraz baina suitzar azentu gogor batekin. Baina euria ari duenean, etxean egon behar izaten du, eta 7 urteko ume bat ito egiten da 20 metro karratutara iristen ez den etxe batean. Jolasak dauzka, aitari kamera kentzen dio, eskolako lanak egiten ditu, eta askotan, gehiegitan zakurraren ustez, Kea mareatzen du: ‘Kea atoz honerra!’. Oihuk ere hitz hori esaten du bakarrik, edo hori ulertzen zaio behintzat ‘Kia’ esaten du, ozen. Badirudi izenak sortu diola izana, bestela izena haurra ezagutu ondoren jarri ziotela pentsatuko genuke, oihuka pasatzen baitu eguna. Ez du marrurik egiten, ez gehiegi, baina pozten denean, edo kexu denean edo… oihu egiten du, ozen.

Kia txakur gaztea bordatik kalera begira. Spulüi (Suitza). 2014ko uztailaren 2an. (Gari Garaialde / BostokPhoto)

Bitxiak dira haien arteko elkarrizketak: Nathalie eta Beñatek italieraz dihardute, Kemen eta Beñatek euskaraz, Nathaliek alemanieraz egiten dio Kemeni, baina hark italieraz erantzuten dio, eta Oihu bere kasa ibiltzen da. Nathalie ahaleginetan ari da, Kemenek ez dezan alemanera galdu, baina gero eta gutxiago egiten du, orain, eskolan, italieraz ikasten baitu eta lagunartean gutxik dakite alemanera. Euskara, une honetan, aitarekin aritzeko tresnatzat du bakarrik, edo Beñaten familiarekin komunikatzeko, bisitan etortzen direnetan. Baina hirurek ulertzen dituzte 3 hizkuntza horiek eta Kemenek gaztelera gero eta gehiago ulertzen du. Nathaliek ere badaki gazteleraz eta euskaraz ez da atzean geratzen.

Egun batzuetan Beñat belatze berrietara joaten da ahuntzekin eta Kemenek probestu egiten du aitarekin txangoa egiteko. Atzean joaten da, Kearekin, ez dadin ahuntz bakarra ere galdu. Aitak egiten duen oro errepikatzen du semeak. Beñaten keinuei arreta jartzen die eta berdin egiten saiatzen da, zakurrari ere aitaren tonu berarekin egiten dio, eta belar ipitz bat sartzen du ahoan. Beñatek uneoro azaltzen dio nola egin gauzak eta zergatik – Ez zaitez hor jarri, Kemen, ahuntzak izutu egingo dira eta; gorde beti tartetxo bat haiekiko; kasu egin harriei… – Hitz asko egiten dute elkarrekin, hildako ahuntz edo ardien hezurrak bilatzen dituzte eta basoan, zuhaitzen adarretatik zintzilik jarri; jolasean ibiltzen dira, mendiaren puntan etzanda jarri eta Kemenek bertan etxe bat duela egiten du amets, edo gaztelu bat, tanke bat edo dena delakoa. Hamaiketakoa egin, bata bestearekin egon eta jaitsi egiten dira, ahuntzak bertan lagata.

Ahuntz taldea itxitura barruan. Atzean Spulüiri izena ematen dion haitza. 2014ko uztailaren 2a.  (Gari Garaialde / BostokPhoto)

Goizeko lanak bukatzean esertzen dira mahaira bazkaltzera. Barazki eta zekaleak jaten dituzte batez ere, eltzekoak, haragi askorik ez. Beñat ez da haragi zalea, eta Nathalie ere ondo moldatzen da haragirik gabe. Gainera haragia gora igotzeak lan gehiago ematen die, mandatuak sarriago egin beharko lirateke eta ez dago beraien esku. Autoa aparkatuta duten tokitik Spulüiraino ordu bete luze bat dago oinez, aldapan gora, eta horregatik janaria ekarri egiten diete. Funivia deitzen dioten teleferiko antzeko bat eraiki zuen Giaccomok, 1.500 metrotatik alpea dagoen tokiraino. Ez du jendea igotzeko balio, baina janaria, ahuntzentzako botikak eta hantzekoak bertatik igotzen dituzte. Telefono bitartez eskatzen zaie janaria ukuiluan lan egiten dutenei; erosketa zerrenda eman, haiek erosi eta funiviaren bitartez igortzen diete. Alpea kargatzeko, uda hasieran borda hornitzeko ere erabiltzen da, baina gauzarik gehienak helikopteroz igotzen dira alperaino: esne marmitak, gazta egiteko atxamartak, arropak, jostailuak, 3 zerri, antxumeak… Nathalie, Kemen eta Oihu ere helikopteroan igo dira aurten.

Bazkaldu ondoren arratsaldeko lanak erabakitzen dituzte, gazta egiteko eguna den edo ez kontutan edukita. Beñatek ahuntzak deitzen ditu, baxera egin, Oihu lotan jarri eta Kemenek eskolako lanak egin ditzan ahalegintzen dira. Guziarekin amaitzean, Beñat ahuntzei jaten ematera joan da, gero jezteko. Goizeko prozesu bera errepikatzen du berriro.

Spulüin dena egiten da prisarik gabe. Erlojuak, gazta egiteko denborak kontrolatzeko  balio du bakarrik; beste guztia tokatzen denean egiten da, edo ahal denean, edo aurreko zereginak bukatzean.

Afaldu ere horrela egiten dute, egin beharreko guztia amaituta dagoenean, eta gehienetan Beñatek nahi baino beranduago izan ohi da – Joder, berriro eman digute bederatzi terdiak, leher egina nago. Afaldu eta ohera noa, lotara. Bihar, gutxienez, seiak arte egingo dut lo-

Goizeko 5ak jo eta Beñat bordatik atera da…

Kemen, Nathalie eta Beñat, kandelen argipean, afaldu ondoren, egunean zehar egindakoak kontatzen. Spulüi (Suitza). 2014ko uztailaren 5a.  (Gari Garaialde / BostokPhoto)

ARGAZKIAK

Gai honen inguruko argazki gehiago ikusteko

error: Content is protected

Pin It on Pinterest

Share This